XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

7 MAILA-TESTAK
7.1 Ezaugarriak.

Maila-testaren bi ezaugarri nagusiak, 1. kapituluan deskribatutakoaren arabera, honako hauek dira: ikasi denaren aplikazioei dagokiola, eta aplikazio horietan beharko den hizkuntzaren espezifikazioan oinarritzen dela.

Gaitasunaren ebaluazioa lagungarria izan daiteke kasu askotan.

Test formal bat izan daiteke, ikasle batek ikasketa espezializatu batzu jarrai ditzakeen erabakitzeko (adibidez, unibertsitate batean graduazio ondoko ikastaro bat edo tekniko batentzako ikastaro profesional bat), edo test informal bat, ikasle batek ikasi duena praktikan nola jartzen duen ikusteko.

Gaitasunaren elementuak test-mota askotan sartzen dira, lekutze, diagnostiko eta lorpen-testak barne.

Ikaslearen hizkuntz beharren azterketa oso prozesu konplexua izan daiteke, baina ikastaroaren edukina behar hauen ereduei jarraiki definitu denean ere, testaren espezifikazioa, beti bezala, fidagarritasun, baliozkotasun eta praktikagarritasunaren mugen barruan moldatu behar da.

Testik egokiena zera litzateke, ikaslea kanpora magnetofoi batez bidaltzea, xede-hizkuntza mintzatzen den tokiren batetara, bizitza errealean hizkuntzarekin nola moldatzen den ikusteko.

Banketxetara joan, txeke bat kobratu, alkondara-tamaina egokia erosi eta festa batean jendearekin ondo moldatzen bada (adibidez), test ebaluatzailearen eginbeharra zinta entzutea besterik ez da, ikasleak gauza guzti horiek nola egin dituen ikusteko.

Baina testak hau baino gauza kontrolatuagoa izan behar du, baldin eta emaitzek ikaslearentzat baliorik izan behar badute.

Bizitza erreala ustegabez beteta dago, eta egitura bat finkatu beharra dago, zeinak ebaluazioaren emaitzen interpretazio ulergarri bat egiteko balioko bait du.

Honelako egitura bat finkatuko duen bi ebaluazio-mota dago: ebaluatze errepresentatiboa, zeinak ikaskuntz praktika isladatzen bait du; eta helburuzkoa, zeinak elkaraldaketa erreal bat imitatuz zeregin bat ematen bait du.